XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mitsima zaharraren hitz magikoak bezala bere lumei buruz, bere makila landuei eta bere hezur eta harri zatiei buruz: .

Baina Mitsimaren formula magikoak baino ere hobeki, zeren liburu hau berari mintzo baitzitzaion; miragarriro, erdizka bakarrik konprenigarri, magia indar xit ederrez mintzo zitzaion Lindaz; han, katilua hutsik ohe alboan, zurrunka zetzan Lindaz mintzo zitzaion; Lindaz eta Popéz mintzo zitzaion, Lindaz eta Popéz.

Johnek gero eta gorrotoago zuen Popé.

Ba dezake gizon batek irriparrerik franko egin eta bilau izan.

Errenkurarik gabeko bilau, traidore, oilo, krudel.

Zer esan nahi ote zuten zehazki hitz hauek?

Johnek erdizka bakarrik zekien.

Nolanahi ere, magia indartsua zuten, eta hitz haik zerebroan durundaka zerraizkion eta ba zirudien inoiz orduxerarte ez zuela benetan gorroto izan Popé; inoiz benetan gorroto izan ez balu bezala, zeren ez baitzen inoiz izan zenbat gorroto zuen adierazteko kapaz.

Baina orain hitz hauxek zituen Johnek, danborren, kantuen, formula magikoen antzeko hitz hauxek.

Hitzok, berauk hartu zitueneko istorioak berak (beronek ez zuen harentzat bat ere zentzurik, baina hala ere miragarri, miragarria zen) Popéri gorrotoa ukateko motibo bat ematen zioten; harenganako gorrotoa egiazkoago bihurtzen zuten; Popé bera errealago egiten zuten.